
GOSEAK HORTXE JARRAITZEN DU
Berriro ere, BOLUNTARIOak eta ELKARTASUNA eskutik helduta aritu ziren Bizkaiko Elikagaien Bankuak 2015ean antolatutako Bilketa Handian, azaroaren 27an eta 28an. 1.000.500 kg elikagai baino gehiago lortu zituzten, Bizkaiko 210 dendetan baino gehiagotan, eta 4.100 boluntario aritu ziren lanean.
Marka berria ezarri zuten: 2014an baino % 22 gehiago bildu zuten (orduan 816.700 kg izan ziren); 2014an, bestalde, 2013an bildutakoa baino % 49 gehiago jaso zuten.
Azpimarratu beharra dago Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioa (FESBAL) osatzen duten 55 bankuek 22 tona elikagai bildu zituztela data horietan. Janaria batzeko 10.100 puntu egon ziren, eta 110.000 boluntariok hartu zuten parte. Horri guztiari esker, egoera latza bizi duten 1.720.000 pertsonei emango zaie laguntza, eta, ahal den neurrian, bermatu egingo zaizkie oinarrizko elikadura-beharrizanak.
BOLUNTARIOAK
Aipatutako guztia ez zen posible izango Bizkaiko Bilketa Handian parte hartu zuten 4.100 boluntario prestuen laguntzarik gabe. 2014an baino % 30 gehiago izan ziren eta, elikagaiak biltzen laguntzeaz gain, taldeak osatu zituzten, bildutakoa pisatu eta sailkatzeko.
Izan ere, bai Federazioa bera, baita elikagaien bankuak ere, boluntarioen lanari esker doaz aurrera. Zenbat denbora eskaini ahal duten, boluntario egonkorrak eta aldi baterako boluntarioak daude: lehenengoek ez dute kobratzen, eta modu finkoan bertaratuta laguntzen dute; bigarrenak, berriz, ekintza zehatzetara agertzen dira, Bilketa Handian kasu.
Boluntario egonkorren taldea, jubilatuek edo aurrejubilatuek osatzen dute gehienbat; beren lan-eskarmentua eta ezagutzak jartzen dituzte Elikagaien Bankuaren esanetara, egoera latzenean daudenei laguntzeko. Gaur egun, 120 boluntario egonkor ditu Bizkaiko Elikagaien Bankuak.
Edozelan ere, borondate ona ez da aski. Boluntarioek eraginkorrak izan behar dute eta, horretarako, emandako lanarekin konprometitu behar dira.
ELKARTASUNA
Badago ezinbesteko beste protagonista bat, zeinaren laguntzarik gabe Bilketa Handia ez zen posible izango: herritar eskuzabal, solidario eta altruistak, «esker oneko jendea»; Elikagaien Bankuari dohaintza egiten diotenak; beren «aletxoa» jartzen dutenak, ahal duten neurrian; bihotzari jaramon egiten diotenak…
«Langabezian nago, baina lagundu nahi dut, badagoelako ni baino okerrago dagoenik», esan zidan neska gazte hark, organ lekale pakete bi uzten zituen bitartean…
Halaxe dio Luis de Sebastiánek, Guardián de mi hermano. La solidaridad liburuaren idazleak:
«Elkartasuna sortzen da gutako gehienok hunkitu egiten gaituelako besteen sufrimenduak».
Egoera jasanezin horren aurrean, besteen oinazeaganako errukia da erantzuna, sakon-sakonetik jaiotzen zaigun elkartasuna. Ordea, nork jarri zuen hor? Txikitan nola hazi eta hezi gaituzten; erlijioak; sineskera politikoek… auskalo. Baina hortxe dago, gizaki gehienongan bizirik. Erlijio guztiek aldarrikatzen dute, nola edo hala, «hurkoarenganako maitasuna» (kristauek, juduek, budistek, islamistek, eta abar), eta agindu egiten dute geure burua maite dugun beste maitatzea besteak ere.
Baina elkartasunak sentimendu bat baino gehiago izan behar du: «haratago» joan behar du… «Erruki» hori egintzetara ekarri behar da zeren, bestela, sentimendu antzua, besterik ez da.
Horixe da, hain zuzen, boluntarioei eta dohaintza-emaileei Bilketa Handian arte hartzeko adore eman dien elkartasun izpiritua…
MILA-MILA ESKER, BIZKAIA!!!