
Gaur egun, eta gizarte-laguntzak areagotu egin badira ere, 2008an baino larriagoa da egoera Bizkaian, pobreziari dagokionez: lehen, biztanleen % 5,2 bizi zen pobrezia-egoeran, eta 2014an, berriz, % 6,4 (Araban, % 4,1etik % 8,2ra; eta Gipuzkoan, % 2,5etik % 4,2ra).
Beste alde batetik, gure lurraldean emakume etorkinak, gazteak eta ikasketa gutxikoak dira pobrezia gehien pairatzen dutenak, Bizkaian sortu berri duten Pobreziaren eta Gizarte-bazterkeriaren Behatokiaren lehenengo txosteneko datuen arabera.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak pobreziari eta ongizate-ezaren bilakaera neurtzeko adierazleak argi islatu du gure Autonomia Erkidegoan pobrezia-arriskuak % 44,8 egin duela gora krisia hasi zenetik, eta % 12 azken bi urteotan.
Adibide gisa, hona hemen euskal familietan «gabezia-adierazleak» aplikatuta lortutako emaitza batzuk:
- Elikadura-arazo larriak – % 31 egin dute gora 2008tik, eta % 1,5 behera 2012tik.
- Ordainketa ezak, edota atzeratutako ordainketak (alokairuak, hipotekak, kredituak, ordainagiriak) – % 112,4 egin dute gora 2008tik, eta % 5,6 2012tik.
- Neguan etxebizitzan tenperatura egokia mantentzeko arazoak – % 168,1 egin dute gora (hirukoiztu egin da ia) 2008tik, eta % 31,8, berriz, 2012tik.
Pobrezia errealaren tasa Euskadin, eskualdeka:
ESKUALDEA 2008 2012 2014
Gasteiz 4,4 6,2 8,9
Aiaraldea 2,3 2,2 4,4
Eskuinaldea 3,0 5,1 3,3
Bilbo 6 9,5 8,4
Ezkerraldea 5,6 5,8 6,5
Bizkaia kostaldea 2,0 2,9 5,9
Durangaldea 2,8 2,4 4,3
Donostialdea 3,1 4,1 4,0
Tolosa-Goierri 1,3 4,5 5,0
Debagoiena 0,4 2,0 4,1
Debabarrena 1,8 2,2 3,8
Eusko Jaurlaritzak gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko duen sistema baliatu zuten pobrezia-arriskua pairatzen dutenen % 72,9k, 2014an. Horri esker, 80.499 pertsona irten ziren egoera horretatik. Ordea, diru-laguntzak jaso arren, 71.092 lagunek ez dute lortu pobrezia errealeko egoerari ihes egitea.
Datu esanguratsu bat: seme-alabak dituzten bikoteetan nabarmen egin du gora pobreziak, 2012-2014 bitartean. 2014an, Euskadiko pobrezia errealaren % 51,9 pilatzen zen horrelako familietan.
2012-2014 artean, pobrezia erreala azkarrago hazi da 14 urtetik beherakoen artean (haur-pobrezia), gainerako biztanleen artean baino: Euskadin, 2014an, % 11,2koa zen.
Bizkaiko Elikagaien Bankuan badakigu gure inguruko egoera larria dela. Horri aurre egiteko, gure helburu nagusia da oinarrizko elikagaiak banatzea gure inguruan egoera latzenean daudenei arreta ematen dieten gizarte-erakundeen artean. Zeregin horretan, haur-pobrezia ekiditea da gure lehentasuna.
Pobrezia gora doa gure Autonomia Erkidegoan: hori da errealitate gordina.