
Oinarrizko bost gomendio, erosiko ditugun elikagaiak alferrik galdu ez daitezen.
Erositako jakien % 4,5 alferrik galtzen da.
1.325,9 milioi kilo elikagai bota zituzten zaborretara espainiako familiek, hau da, erositakoen % 4,53. Espainian, 14 milioi familiak baino gehiagok bota dituzte elikagaiak zaborretara prozesatu gabe, elikagaiok egoera txarrean zeudelakoan.
Hori dela eta, AECOC Kontsumo Handiko Enpresen Elkarteak «funtsezko bost gako» eman ditu, erosketak egiterakoan arduratsu aritzeko eta, horrela, familietan elikagaiak xahutu daitezela ekiditeko. Hona hemen:
– Planifikatu asteko menua: ezinbestekoa da plangintza egokia izatea, erosketak egokiro egiteko. Beraz, ondo legoke astea hasi aurretik zazpi egun horietarako menua diseinatzea. Horrela eginez gero, ez gara inprobisatzen ibili beharko; gure elikadura orekatua eta askotarikoa izango da; eta, batez ere, gutxitu egingo dugu alferrik galdutako elikagaien kopurua.
– Arakatu despentsa eta hozkailua: asteko menuak diseinatu aurretik, oso garrantzitsua da begirada bat botatzea despentsan eta hozkailuan, ikustea zer daukagun eta zer erabili dezakegun gure platerak originalak, askotarikoak eta, batez ere, arduratsuak izan daitezen.
– Arreta jarri datei: oso gomendagarria da zerrenda batean apuntatzen joatea agortzen doazkigun elikagaiak. Era berean, iraungitze eta kontsumo lehenetsiaren datak egiaztatu behar ditugu, aldizka (horri esker jakingo baitugu zehatz-mehatz zein elikagai ditugun, eta horiek zein egoeratan dauden).
Lan hori eraginkorra izan dadin, aurreikusi behar dugu produktu bakoitzetik zenbat behar dugun, eta erosketetarako zerrenda egin iraungitze-datak aintzat hartuta.
– Zentzuz erosi: erosketak egiterakoan, garrantzitsua da ordena bati jarraitzea, hotz-katea gordetzeko eta, hala, elikagaiek beren propietate guztiak gorde ditzaten: lehenengo, galkorrak ez diren elikagaiak erosi; gero, produktu freskoak; ostean, hozkailukoak; eta, azkenik, izoztuak.
Garrantzitsua da, era berean, produktuak egokiro kokatzea orgatxoan, kalterik gabe heldu daitezen etxera.
– Izan sortzaile, eta aprobetxatu daukazuna: plater berriak asmatu ahal ditugu etxean daukagunarekin, ez dadin ezer ere zaborretara joan.