
“Ezin dut gehiago, bapo eginda nago. Beste koilarakada bat eta akabo. Pena handia da hortxe geratzea…!”
Jatetxe bateko mahai inguruko esaera horiek dagoeneko ezin daitezke entzun Aragoiko hiriburuko zenbait ostalaritza-establezimendutan, Ingeniería Sin Fronteras Aragón elkartearen Etiquetupper kanpainan parte hartzen dutenetan, hain zuzen ere . Orain, honako hau esatea da modan dagoena: “Ez bota, eramateko jarri”.
Ekimen honen helburuak hauexek dira: elikagaiak xahutzeari buruz sentsibilizatzea eta dugun ekoizpen eta kontsumo ereduak ingurumenean duen eraginaren gainean eta gaur egungo gizartean sortzen duen berdintasun ezaren inguruan kontzientziatzea.
Etiquetupper kanpainak material ekologikoarekin egindako ontziak jarri ditu 1000 jatetxeren eskuetan, eta horien artean doan banatu ditu, mahaikideek eskatu duten janaria amaitu ezin badute edo nahi ez badute, tuper batean eraman eta geroago jan ahal izateko. Horrela, ez da zaborrontzira joango. Era berean, “kanpainaren jarraipenean, jatetxeek eurek, plastikozko tuperrak hautatu beharrean, material konpostagarrikoak aukeratzea” bilatzen da.
Hondarrak eramateko eskatzea ez da gauza berria jatetxeetan, baina oraindik ere nolabaiteko lotsa dago eskatzeko orduan. “Pertsona askori lotsa ematen dio, ordaindu behar duenean, hondarrak etxera eramatea. Espainian, atzeratuta gabiltza Europako beste herrialde batzuekin konparatuz gero; izan ere, horietan, zuzenean eskaintzen dizute edo, bestela, inolako arazorik gabe eskatu egiten da”. Eduardo Dalloren hitzetan, Ingeniería Sin Fronteras elkarteko kidea, “sentsibilizatu eta konplexu hori kendu” behar dugu.
Europan eta Ipar Amerikan pertsona eta urte bakoitzeko 95 kilotik 115 kilora xahutzen dugu. Bestalde, Saharaz hegoaldeko Afrikan eta Asia hegoaldean, kopurua 6 kg ingurukoa da.
Gure munduan biztanle batzuk gose diren bitartean, besteek zentzurik gabe xahutzen dute, eta elikaduraren sektorea, nutrizio eta osasun politikei lotuta egon beharrean, merkatuaren agindupean dago. Gure kontsumo eta ekoizpen ereduak ondorioak ditu eredu produktiboan, eta, gainera, negatiboki eta zuzenean eragiten dio gure ingurumenari. Adibidez, honako hau dio Dallok: “Ba al zenekien nekazaritzak ekoizten duenaren zazpi hamarren abeltzaintza elikatzeko erabiltzen dela, eta gainerako hiru hamarrenen ekoizpenaren gehiengoa artoa eta soja egitera bideratzen dela, neurri handi batean erregaietarako eta industrian erabiltzen direnak?”. Gainera, monolaborantza horien ondorioak, besteak beste, nekazaritzaren aniztasuna galtzea, lurraren higadura eta deforestazioa dira.
Dallok honela jarraitu du: “Jokabide horri aurre egiteko eta arazoa ezagutarazteko, Etiquetupper kanpaina jarri dugu martxan, Zaragoza hiriko hainbat ostalaritza-establezimenduren laguntzarekin batera. Etiquetupper kanpainak, kontsumitzailea zaren aldetik, elikagai zarrastelkeriarekiko hautabidea eskaintzen dizu. Horretarako, tuper ekologikoak eta konpostagarriak jarri ditu zure esku, jan ez duzuna etxera eraman ahal izateko. Modu horretan, hain gustuko izan duzun menua errepikatu eta hurrengo egunean janaririk prestatu gabe egon behar ez ezik, elikagaien xahuketa murrizten lagunduko duzu. Sinetsita gaude aldaketa ekintza txikiekin hasten dela”.
Beraz, gogoan izan… “Ez bota, eramateko jarri…“